berria.info

 

Asteazkena, 2013ko abuztuak 21a.

 

Zuzendariari.

 

Esker onak.

 

Txumai Iturria eta Txiki Falero. ESAITen Mendi Martxako Antolakuntzaren izenean.

 

2013ko ESAITen Mendi Martxa amaitu da. Iraun duen zortzi egunetan 140 ibiltarik baino gehiagok hartu dute parte, 100 lagunetik gora aritu dira herrietan azpiegiturak prestatzen: Ongietorriak, lotarako lekuak, dutxak, herri afariak... Ehunka atxikimendu jaso dugu: Kirolariak, kultur eragileak, elkarteak, herritar xumeak, alkate edo auzapezak, zinegotziak, parlamentariak. Iragan ditugun herrien sostengua ere jaso dugu: Lanestosa, Karrantza, Turtzioz, Sopuerta, Zalla, Okondo, Laudio, Senpere, Urruña, Hendaia, Irun... Zortzi egunetan egundoko berotasuna, bultzada eta elkartasuna jaso dugu: kalejirak, kantu-poteoak, bertso-poteoak, pilota emanaldiak, dantzaldiak, aperitifak, luntxak...


Egun hauetan bertatik bertara antzeman dugu Euskal Herriko selekzioaren aldeko aldarriak geroz eta oinarri sendoagoak dituela. Ofizialtasunaren beharra eta sentimenduak egunetik egunera geroz eta atxikimendu gehiago jasotzen ditu, eta horrek beste urrats batzuen beharra agerian uzten duelakoan gaude. Gai honen inguruan gizartean sumatu dugun batasunak, udaletatik jaso dugun atxikimenduak... beste maila bateko erabaki baten premia adierazten dute. Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuetan izan behar du hurrengo zita. Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna defendatzen duten eragile politikoak lan bateratua egitera behartuak daude betiko oztopo eta topikoak baztertuz eta erabaki ausartak hartuz.


Bien bitartean, gu gurera, 2014ko ESAITen Mendi Martxa ate-joka dugu eta prestakuntza lanak abian dira.